sábado, 30 de octubre de 2010

"Euskadi" Gaztea

                Egia da!!! Gaur egungo gizartearen denbora pasarik ohikoena kritikatzea dela. Guk geuk ere Blog honetako sarrera gehienak kritika eta gure amorrua plazaratzeko toki bilakatu ditugu. Komunikabideak hain txarrak al dira? Edota gu gara amorruz beterik bizi garenak, eta lehen aukera baliatzen dugunak bestea kritikatzeko?
Izan liteke bigarren aukera (horrek hausnarketa sakon bat behar luke, eta hau ez da gunea ezta garaia ere), baina argi dut baita ere, komunikabideetako produktu asko txarrak direla erabat. Honako honetan eta ohitura ez galtzearren, euskal produktu bat kritikatuko dut, eta amorruz kritikatu ere. Euskadi Gaztea, edota gaur egun  (modernotasun aro honi egokituaz edo…) Gaztea izeneko irrati katea izango da neure kritikak jasotzeko “ohorea” izango duen komunikabidea.
Aipatu dut, kate honek jasandako izen aldaketa modernizazioari loturik egon litekeela, baina agian gehiago da egokitasun kontu bat modernizazio kontu bat baino. Gaztea irratsaioa, lehen Euskadi Gaztea zena, euskarazko irratirik entzunena da; hala ere, izen zaharrean aipatzen zen euskal izaera hori, gaur egun ez da inondik inora aurkitzen. Euskal kantak 10tik 1 dira. Euskal kultura ez da apenas promozionatzen, gehiago balio du abeslariak mahai gainean ezartzen duen diru kopuruak, euskal kulturaren defentsak baino. Jartzen den musika erabat komertziala da (Dance izeneko estilo “landu” hori), euskal abeslariak oro har komertzialtasun horretatik ihesi dabiltzanean…
Norbaitek euskararen erabilera aipatuko du ziurrenik nire kritika zapuzteko argumentu moduan. Egia da Gazteak euskara erabiltzen duela, euskara hutsean baitira irratsaio guztiak. Baina agian nire irudipena da (kateari diodan “gorrotoak” eragindakoa irudipena agian, nork daki) edota esatariek erabiltzen duten euskararen ahoskera erabat dago ingelesak kutsatua. Niri, ingelesez esaten dituzten kanten izenak eta ondoren euskaraz esandako esaldiak ahoskera berdina dutela iruditzen zaizkit; eta ez da kantaren izena esaterako orduan euskal ahoskera erabiltzen dutelako, alderantziz baizik. Modernizazioaren eta “internazionalagoak” garelako ustearekin ezin daiteke euskara horrela kutsatu.
Egia da, Euskadi Gazteak euskararen aldeko lan ikaragarria egin duela; hala ere gaur egun ez dut lan hori inondik inora aurkitzen.Euskal kulturak ez ahal du inolako baliorik? Amerikanizazioa hain boteretsua ote da? Gure kultura alde batera uzteko adinakoa?


Jon Gotzonen kasua berriz, ez dut aipatu ere egingo. Gai horrek sarrera baterako eman lezake eta gainera dagoeneko amorruak ez dit lasai idazten uzten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario