domingo, 31 de octubre de 2010

Telecinco monarkiko bihurtu al zaigu?

Telebista kateek denetariko saioak eta telesailak sortzen eta ematen dituzte. Hori baita hedabide baten zati garrantzitsuena: bere sorkuntza. Eduki berriak bilatzen dituzte, orijinalak. Gai asko jarri dira mahai gainean, baina ez da ohikoa telebista kate bat agintearen inguruan aritzea, monarkiaren inguruan, hain zuzen ere. Eta Telecinco izan da oraingoan ezusteko horren jabe. Errege-familiaren giroan gauzatzen den telesaila ekarri digu, Espainiako printzeen hasierako garaikoa. Telesailak Letizia Ortiz kazetariak eta Felipe de Borbon printzeak ezagutu zirenetik hasi eta ezkondu zirenez geroztik izandako bizipenak ditu oinarri.

Kontua, noski, ez da hor amaitzen. Delikatua da halako boterea duen familia baten inguruko telesaila sortzea. Eta are gehiago hari kritikarik egitea. Bada, ez. Telecincok ez dio inolako kritikarik egin. Alderantziz, beharbada. Monarkiaren alde polita erakusten du, gertukoa, sentikorra... Azken batean, monarkiaren apologia bat egiten du. Edo, behintzat, Borbon errege-familiarena.

Erregeak goraipatzen dituzten ekintzak ohikoak dira. Batzuk nabarmenak dira, eta beste batzuk, aldiz, ezkutuan ematen dira. Manipulazioa jartzen da martxan herria monarkiaren eta egungo sistemaren alde jartzeko. Eta hemen dator kontu latzena: justua al da horrelako kanpainak aurrera eramatea? Benetan da hain ona bere irudia hobetzeko herria manipulatzen duen monarkia? Telecinco monarkiko bihurtu al zaigu?

sábado, 30 de octubre de 2010

"Euskadi" Gaztea

                Egia da!!! Gaur egungo gizartearen denbora pasarik ohikoena kritikatzea dela. Guk geuk ere Blog honetako sarrera gehienak kritika eta gure amorrua plazaratzeko toki bilakatu ditugu. Komunikabideak hain txarrak al dira? Edota gu gara amorruz beterik bizi garenak, eta lehen aukera baliatzen dugunak bestea kritikatzeko?
Izan liteke bigarren aukera (horrek hausnarketa sakon bat behar luke, eta hau ez da gunea ezta garaia ere), baina argi dut baita ere, komunikabideetako produktu asko txarrak direla erabat. Honako honetan eta ohitura ez galtzearren, euskal produktu bat kritikatuko dut, eta amorruz kritikatu ere. Euskadi Gaztea, edota gaur egun  (modernotasun aro honi egokituaz edo…) Gaztea izeneko irrati katea izango da neure kritikak jasotzeko “ohorea” izango duen komunikabidea.
Aipatu dut, kate honek jasandako izen aldaketa modernizazioari loturik egon litekeela, baina agian gehiago da egokitasun kontu bat modernizazio kontu bat baino. Gaztea irratsaioa, lehen Euskadi Gaztea zena, euskarazko irratirik entzunena da; hala ere, izen zaharrean aipatzen zen euskal izaera hori, gaur egun ez da inondik inora aurkitzen. Euskal kantak 10tik 1 dira. Euskal kultura ez da apenas promozionatzen, gehiago balio du abeslariak mahai gainean ezartzen duen diru kopuruak, euskal kulturaren defentsak baino. Jartzen den musika erabat komertziala da (Dance izeneko estilo “landu” hori), euskal abeslariak oro har komertzialtasun horretatik ihesi dabiltzanean…
Norbaitek euskararen erabilera aipatuko du ziurrenik nire kritika zapuzteko argumentu moduan. Egia da Gazteak euskara erabiltzen duela, euskara hutsean baitira irratsaio guztiak. Baina agian nire irudipena da (kateari diodan “gorrotoak” eragindakoa irudipena agian, nork daki) edota esatariek erabiltzen duten euskararen ahoskera erabat dago ingelesak kutsatua. Niri, ingelesez esaten dituzten kanten izenak eta ondoren euskaraz esandako esaldiak ahoskera berdina dutela iruditzen zaizkit; eta ez da kantaren izena esaterako orduan euskal ahoskera erabiltzen dutelako, alderantziz baizik. Modernizazioaren eta “internazionalagoak” garelako ustearekin ezin daiteke euskara horrela kutsatu.
Egia da, Euskadi Gazteak euskararen aldeko lan ikaragarria egin duela; hala ere gaur egun ez dut lan hori inondik inora aurkitzen.Euskal kulturak ez ahal du inolako baliorik? Amerikanizazioa hain boteretsua ote da? Gure kultura alde batera uzteko adinakoa?


Jon Gotzonen kasua berriz, ez dut aipatu ere egingo. Gai horrek sarrera baterako eman lezake eta gainera dagoeneko amorruak ez dit lasai idazten uzten.

lunes, 25 de octubre de 2010

Pistan edo estudioan?


Kirol emankizunetan gero eta gehiago hedatzen ari da emankizuna estudio batetik egiteko ohitura. Honek atzerapauso bat eman badezake ere, emaitza ona eman du estudiora aldatzeak orain artean.
Errekurtso eskasen sintoma izan ohi zen lehen ekintzaren tokitik kontaketa ez egitea. TVEk ordea, aldaketa ekarri du arlo honetara, baliabideak izanda ere, esatariak ez mugitzea erabakiz. Erabaki honen arrazoiak ugariak izan dira, analisi asko egin daitezkeelarik honen inguruan. Alde batetik, pentsatzekoa da iragarkiak ezin emititzearekin telebistaren diru sarrerak gutxituko zirela. Gainera, futbolarekin betiko formularekin jarraitzeak, ez du aldaketarekiko konpromiso handirik erakusten. Bestalde, txirrindularitza nahiz saskibaloi emanaldiek tratamendu hobea jasotzen dutela esan daiteke, eduki gehiago eskeintzen baitira, eta kalitate handiagokoak. “Teledeporte”ra mugitu izana izan daiteke gainontzeko arrazoi guztien gainetik dagoena, eta hauen arteko lotura aldi berean. Izan ere, kate espezializatu batek audientziarekiko kezka txikiagoa eta denbora gehiago eskeintzen dute errekurtsoen murriztea justifikatuz.
Esan genezake, neurri hau produktuaren promozio estrategiaren aldaketarekin loturik dagoela. LTDak ekarri duen kanalen dibertsifikazioarekin haudientzia masiboei uko egin zaie, baina ikusle kopuru finko bat erakartzeko gai diren edukiek garrantzia irabazi dute kate generalistetatik kanpo. Honek kirol hauek zale berri gutxiago ekartzea eragin dezakeen arren, oro har emanaldi hobeak izatea ekarri du, jarraitzaileen pozerako.

Wikileaks

Askotan hitz egiten da prentsa askatasunaz, baina errealitatean askotan (gehiegitan), zentsuraren baten menpe egon ohi dira komunikabideak. Horregatik, guztiok harritu gaitu wikileaks webguneak Irak eta Afganistaneko gerren inguruko ezkutuko informazioa eman izanak.
XXI. Mendean, ezinbestekoa dirudi gizarteak gatazka armatu eta hondamendi handien inguruko informazioa izateak, eta egia osoa jasotzea oso zaila den arren, tamalgarria da kontu hauen inguruan bizi dugun desinformazio egoera. Argi dago hedabide handiek, interes politiko-ekonomiko sakonak dituztela, eta beraz nolabaiteko autozentsura ezartzen dute hauek babestu ahal izateko. Txikiek berriz ez dute informazio hau eskuratzeko biderik izaten eta ezta ere botereari aurre egiteko errekurtsorik. Alde honetatik, teknologia berrien agerpenak, eduki hauek zabaltzeko plataforma ezinhobea eskeintzen dute; sarearen bitartez, komunikabide tradizionalek eskeini ezin dezaketen sakontasuna eman eta komunikazio interaktiboaren abantailak aprobetxatu baitaitezke. Horrla, informazioaren nolabaiteko askatasuna ekarri du internetek, bertan askoz zailagoa izanik edukiak mugatzea eta kanpotik zentsura eragitea.
Gertaera honek, aurrekari historiko bat ezarri dezake kazetaritzan, munduaren irudi errealago bat transmitituko den garai bati hasiera emateko, plataforma zaharren eta berrien arteko elkarlanean. Ez dirudi baina epe laburrean hala gertatuko denik, informaziorik gabeko gizarte bat manipulatzea askoz ere errazagoa baita.

sábado, 23 de octubre de 2010

Haurrentzako programak

Argi dago haurrentzako marrazkiek aldaketak jasan dituztela azkenaldian. Alde batetik, beren emisio gunea aldatu da. Eta bestetik, ordua eta maiztasuna ere aldatu dira.
Telebistek audientzia handitu eta ikusleak bereganatzeko etengabe aurrera eramaten duten borroka horretan, garrantzia galtzen dute marrazki bizidunek eta, oro har, haurrentzako programek. Nahiz eta haurrek audientziaren zati handi bat osatu, borrokatik atera dituzte. Horrela, arratsaldean emititzen dituzten programak ez dira, ezta gutxiago ere, haurrei zuzenduak. Debate saioak dira gehienbat, helduei zuzenduak, argi dago. Desagertu egin dira kate garrantzitsuetan goizez zein arratsaldez emititzen ziren programa infantilak.
Baina, zer gertatu da horiekin? Bada, beste kate batzuetara mugitu dituzte, telebista digitalaren aukera aprobetxatuz. Clan, Disney, Cartoon, Nickelodeon... Marrazki bizidunak emititzeko kate ugari sortu dira, eurak kate "garrantzitsuetan" ez ematearren. Une honetan, ETB-k eta TVE 1-ek baino ez dituzte ematen.
Bestalde, eta aztertu dugun aldaketa horrekin, ordua eta maiztasuna ere aldatu dira. ETB-k eta TVE 1-ek goizetan soilik ematen dituzte orain, lehen arratsaldetan ere emititzen zituzten bitartean. Beste kateek, aldiz, pentsatzekoa da marrazki bizidunentzako sortuak izanik, hori dutela parrillako osagai bakarra. Eta hala da. Egun osoan zehar haurrak dituzte hartzaile, 24 orduz ematen dituzte eurentzako programak.
Beraz, haurrei kate horiek ikustea baino ez zaie geratzen, Salvame eta halakoak ez ikustea nahi badugu behintzat. Eta ez gara orain hasiko zenbait programa kontra-hezitzaile haurrek ikusteko orduan zergatik ematen diren kritikatzen.
Bukatzeko, azken kontu bat mahairatu nahi nuke. Haurrentzako halako programak dauzkagu, bai, baina soilik telebistan. Horrela, haurrek telebista ikusiko dute, baina ez dute irratia entzungo, ezta egunkari edo aldizkariak irakurriko ere. Ez al da beste euskarrietan haurrentzako ekimenak sortzen hasteko unea?

jueves, 21 de octubre de 2010

Show must go on

Ez dira bi aste igaro Txileko meatzariek infernua utzi zutenetik eta dagoeneko Espainiako telebista pribatu batek merkantzia moduan eskainiko dizkigu, “prime time”-ean eskaini ere.
Antena 3-ek izango du aipaturiko “ohorea”. Parafernalia ugariz beteriko programa espero da, eta seguruenik beti gertatu ohi den moduan zurikeriarik ez da faltako; meatzarien erreskatea bera ere “show” handi bat izan baitzen.
Egia baita gobernuek, enpresariek eta komunikabideek egindako lana itzela izan zela meatzari hauek zulotik ateratzeko orduan. Baina egia da baita ere, gobernu eta enpresari hauek izan zirela langile hauek zuloan eta egoera tamalgarrian sartu zituztenak.
Hemen duzue “show”-aren hasiera. Segida gaur gabean. Filma ere martxan da. Queen taldeak zihoen moduan "Show must go on".

TeleBelen

Lasai, ez larritu. Ez dut fededunek edota elizgizonek TDT-aren “aukera paregabeak” probestuz sortutako kate berri baten inguruan hitz egingo, jainkoari eskerrak oraindik ez baita horrelakorik sortu.
Ez; oraingo honetan Telecinco, Telebost, edota azken aldian TeleBelenEsteban dei diezaiokegun kate pribatuaren inguruan hitz egingo dut. Egia esan, ez naiz inoiz kate horren zale porrokatua izan, tristura eta gorrotoa sentitzen ditut “Salvame” eta enparauak ikustean. Hala ere azken asteetan harrigarria eta ezinezkoa dirudien arren, kate pribatuaren maila ohikoa dena baino baxuagoa izan da.
Katea izatez txarra da, eta azken aste hauetan katearen gidaritza, edota ildo komunikatiboa, Belen Esteban izeneko andere intelektual bezain hezitzaile baten eskuetan utziaz are jasanezinagoa bihurtu da.
Belen Esteban audientzia irabazteko txontxongilo moduan erabiltzea tira, nahi duenak ikus dezala eta nahi duenak ez. Baina katea, eta honen lehiakidea den Antena 3 ere, espresuki pertsonaia horri gertatzen zaion ororen inguruan mintzatzea gehitxo da.
Esteban “anderea” show baten parte izatea jasangarria izan daiteke (nahiz eta showak 5 ordu iraun); baina ez dezatela behintzat kate osoa inplikatu. Birusa utzi dezatela programa eta ordutegi jakin baten barruan, ez dadila zabaldu katea guztia ez kutsatze aldera.

domingo, 17 de octubre de 2010

Indarkeria, drogak eta heriotza

Harrigarria da Antonio Puertaren heriotzak izandako eragin mediatikoa. Ezer gutxi dakigu pertsonaia honetaz: bere emazteari tratu txarrak eragin zizkiola, Neira irakaslea koma egoeran utzi zuela eta droga kontsumitzailea zela. Kartzelean denbora bat igaro ondoren ez zitzaion bere egoerari inolako jarraipenik egin, foku guztiak Neirarengan zentratu baitziren. Heroi bilakatu zuten komunikabideek hasieran, eta politikariek ere bere famaz aprobetxatu nahi izan zuten, kontua beste dimentsio batetara eramanez. Baina ez zuen denbora asko iraun gailurrean, eta alkoholarekin izandako arazoen ondorioz babes guztia galdu zuen, baita bere kargu publikoa ere. Puerta berriz itzalean.
Horregatik da hain harritzekoa hil ondoren bere famak irakaslearena islatu izana, hau komara itzultzea bigarren planoan utziz. Morboa eta hedabideen eskrupulu faltak soilik azal dezakete pertsonaia polemiko honekiko interesa, hau merezi izateko ezertxo ere egin ez duenean. Hildakoek eragiten lilura aztertzeko moduko gaia da. Eta interes hau txarra ez bada ere, hala da heriotza gehiegizko arinkeriaz tratatzea, familiaren sufrimentuarekin jokatzeko arriskua baitago.
Morboak komunikabideetan duen lekua mugatu beharreko gauza bat da, baina kontrako bidea darama zoritxarrez. Denak balio omen du ikuskizunaren mesedetan.

sábado, 16 de octubre de 2010

Teknologia berriak = Inkomunikazio bide berriak

“Nunca tantos habían sido incomunicados por tan pocos” Eduardo Galeano

Goiburuan idatzitako esaldiak argi azaltzen du XXI. mendean, “komunikazioaren aroa” den honetan, gizarteak bizi duen dikotomia: komunikazioa vs inkomunikazioa.
Teknologia berriek (internet, telefefono mugikorrek…) harremanetarako ate berriak zabaldu dituzte; ate horiek ordea, batzuetan ez dute komunikazioaren paradisura eramaten. Asko dira atea ireki, eta barrunbe beltz batean murgiltzen direnak; komunikazio eta harreman berrien bila ibili eta kasik ohartu gabe, inkomunikazioaren bakardadearekin tupust egiten dutenak.
Ez dut ezer berririk azaltzen, teknologia berri hauek harreman berriak egiteko, edota ditugunak sendotzeko baliagarriak direla aipatzean. Baina egia da baita ere, aurrez aurreko harremanak, pantaila baten atzean ezkutatzeko aurkerarik ematen ez duten horiek, egunetik egunera zailagoak egiten zaizkigula.
Gaur egun, Tuenti edota mezu laburren bidez komunikatzen da gazteria. Amodio eta maitasun gutunak ahaztu ditugu, nahiago dugu Tuenti bidez adierazi, aurrez aurrekoak lotsa ematen baitigu. Ez dugu adorerik kasik (alkohola ez badago medio behintzat) taberna zuloetan harreman berriak egiteko, nahiago dugu ordenagailuko pantaila eta teklatua ezkutu moduan erabili. Adibideak milaka dira.
Nahiago dugu aurrez aurreko erlazio horiek ekidin, eta teknologia berrien itzalean aritu, inkomunikaziora daramaten ateak zabalduz.

Txileko meategiaren jarraipena

Mundu osoan zabaldu da Txileko meatzarien kasua. Aste honetan atera dituzte, bi hilabeteren ondoren, harrapatuta zeuden meategitik, 600 metro baino gehiagoko sakonera. Kapsula bat baliatu dute 33 meatzariak ateratzeko.
Kasua oso ezaguna egin da mundu osoan, hedabideek izugarrizko jarraipena egin baitiote. Egunero eskaini dira horren inguruko berriak, eta atera zituzten egunean zenbait telebista katek zuzeneko emanaldia egin zuten. Diotenez, harrera ikaragarria izan zuen zuzeneko emanaldiak, Munduko Futbol Txaplketaren finaleko audientzia gainditzeraino. Hedabideek kasuak piztu duen jakinmina baliatu dute (beharbada beraiek sortua) ikusentzule kopurua handitzeko. Hasieratik espektakulu bilakatu dute meatzari horien zoritxarra.
Bestalde, zinea ere mugitu da gai honen inguruan. Antena 3-ek eta Hollywood-eko zenbait zuzendarik 33 meatzarien inguruko filma prestatzeari ekin diote, kasuari bere zukua ateratzeko asmoz.
Azkenik, meatzariei beren opariak egiteko mugitu diren enpresa, talde eta erakunde guztiak aipatu behar dira. Batetik, beren miresmena erakutsi diete. Baina, bestetik, beraien irudia hobetzeko mugimendu bat ere izan da. Denek aprobetxatzen dituzte halako gertakizunak beren intereserako.

viernes, 8 de octubre de 2010

Contador kasua eta komunikabideen erabilpena

Alberto Contador izan da zalantzarik gabe hedabideetako protagonista nagusia aste honetan. Kirol sailetan ez ezik, audientzia handieneko programa generalistetan ikusi ahal izan dugu kirolari madrildarra, bere errugabetasuna defendatuz doping akusazioen aurrean. Eta pentsatzekoa bazen ere espainiar hedabideek txirrindularia defendatuko zutela, asko harritu gaitu eskeinitako ikuskizunak.
Tamalgarria izan da tourrean hiru aldiz txapeldun izandakoa (azken garaipena zalantzan jarri bada ere) platoz-plato ikustea, ez bere izena garbi mantentzeko ahalegina egiteagatik, argudio informatiboak baino emotiboetara gehiago jo izanagatik baizik. Dena den, komunikabideak izan dira egoera honen errudun nagusiak. Kazetari gehiegik saldu du bere burua egun hauetan, interes handiko elkarrizketa bat eskuratzeko, neurrigabeko koipekeriara joaz. Contadorri iritzi publikoa manipulatzeko tresna paregabe eskeini zaio, frogarik aurkeztu gabe ere planteatu duen teoria goitik behera onartuz, eta bere aurrean makurtuz lotsagarri gelditzeraino. Arriskutsua izan daiteke pertsonaia bati horrenbesteko kreditua ematea ospetsua izate hutsagatik.
Gure balio etikoak inoiz baztertu behar ez ditugula esan ohi zaigu fakultatean. Errealitateak berriz kontrako erakusten digu behin eta berriz. Bide honetatik jarraituz beltz ikusten da kazetaritzaren etorkizuna.

miércoles, 6 de octubre de 2010

Kazetariak edo adituak?

Kazetaritza eragin handiko arloa den heinean, halako erantzuna eman behar dute bere profesionalek. Kazetariak gai izan behar du gai bakoitzaren inguruan zentzuzko informazioa eskaintzen, gutxienez. Haatik, gaur egun ez dela hala gertatzen erakutsi izan digute zenbait testu periodistikok.
Kirolaren munduan murgiltzen bagara, naoizbehinka ateratzen dira ez hanka ez buru ez duten kirol baten inguruko albisteak. Eta horren arazoa ezagutza eskasean dago. Kazetari batek kirol jakin baten inguruko joan etorrien berri ez duenean, berehala nabaritzen da.
Hedabideek aurkitu dioten konponbidea adituena da, kirol batean zeregin profesionalean aritu direnena, alegia. Horiek, noski, kirolaren nondik norako guztiak ezagutuko dituzte, baina ez dira kazetariak. Jar ditzakegu kirol lehiaketa bat komentatzen, "adituaren ikuspuntu" hori ematen, baina elkarrizketa bat edo kronika bat egiterako orduan, prestakuntza beharrezkoa da.
Beraz, zer dugu nahiago: gaiaz ezer gutxi dakien kazetaria edo kazeta-prestakuntzarik gabeko aditua? Ez da aukera erraza.

martes, 5 de octubre de 2010

Aurkezpena



Komunikabideak ote dira gizartearen jokabide eta jokamoldeen isla? Edo agian, alderantziz; gizartea eta gizartearen norbanako bakoitza dira komunikabideetan azaltzen den ororen ispilu?
Egunean hainbat orduz kontsumitzen ditugun produktu horiek ote dira errealitatea? Edota agian, gutako bakoitzak esnatzen den momentutik oheratzen den arte bizitzen dituen sentimenduak dira bizitzaren funtsa, mamia eta saltsa?
Komunikabideen erabilera egokia egiten ahal dugu? Komunikabideak hezitzaileak ote dira? Komunikabideetan agertzen diren ikus-entzunezko produktuak ez ote dira bortxatzaileak?...
Galdera ugari egin daitezke komunikabideen inguruan, eta batez ere galdera ugari egin behar dizkiogu geure buruari komunikabide horien ekoizle eta kontsumitzaile moduan. Uka ezina da XXI. mende honetan telebista, irratia, internet eta enparauak herritarron bizitzaren parte direla, uka ezina den moduan produktu horiek herritarrok egiten ditugula.
Beraz, azter ditzagun gureak diren komunikabide horiek. Izan dadila leku hau guk sortu eta kontsumitzen ditugun produktu horien inguruko eztabaida sustatzeko gunea.
Hemendik aurrera gurea eta noski zuena da hitza.