lunes, 27 de diciembre de 2010

Hedabideen iturriak

Askotan hitz egin dugu hedabideez, askotan kritikatu ditugu. Zein dira ordea hauen iturriak? Zein dira iturri horien jabeak? Galdera hauek bigarren mailakoak direla dirudi, hedabide baten izaeran garrantzia gutxi dutela. Hala ere, iturri horiek guk uste baino garrantzia gehiago dute. Hedabide gehienek, kostuak murrizte aldera, iturrietara eta kanpoko ekoizte-etxetara jotzen dute; hedabide horiek, beste batzuek sortutako informazio edota produktuak hedatzen dituzten plataformak dira.
Iturriak hain dira garrantzitsuak, hedabideak hauen menpe egon ohi direla askotan. Ikusleak jadanik ez du nahikoa hedabidea konprenitzearekin (honen ideologia, interesak), orain hedabide horien iturriak konprenitu behar ditu, ez badu hedabide horien eskuetan panpina baten moduan geratu nahi.
Hedabideek berriz, iturri horiek ahal den heinean ekiditen saiatu beharko luke. Berak ekoitzi dezala ahal duen gehien, bestela iturriek ekoitzitakoaren hedatzaile soilak izango baitira.

domingo, 19 de diciembre de 2010

Protesta isila edo isildua

Krisia eta aire-kontrolatzaileen istiluaren artean, bigarren lerroan geratu da Sinde Legearen onarpena. Espainia legez kanpoko deskargetan mundu mailako potentzia dela esan liteke, beraz lege honen eragina izugarria izan daiteke gure gizartean. Hala ere, ez dirudi komunikabideek garrantzia handirik eman diotenik. Ez legeari berari eta ezta honen inguruko protesta ugariei ere.
Hedabideen atzetik dauden interes senoak kontutan hartuta ere, harrigarria da nola mantendu dezaketen ezkutuan horrenbesteko interesa duen gai bat. Baina are harrigarriagoa da, mutismo honek ekarri duen desinformazio maila XXI. mendean. Argi ikusten da oraindik ere komunikabide tradizionalak direla oraindik ere jasotzen dugun informazioaren gehiengoaren arduradun, eta ondorioz, gugan eragiteko indar handia dutela.
Aurrez esandakoarekin ere, hedabidei erru guztia egoztea ez litzake bidezkoa. Izan ere, badaude informazioa eskuratzeko beste bide batzuk, eta gure ardura da hauek ez kontsultatu edo ez erabakitzea. Hau horrela izanik, zaila da azaltzea enpresa handiek askatasuna murriztu nahi duten bitartean, sarean egin behar duguna eta ez duguna erabaki, epaile baten oniritziaren beharrik gabe, erantzun masiborik ez egotea. Asteazkenean bertan egingo da bozketa, eta baiezkoa irten ezkero, kontsumitu ohi dituzten edukiak eskuragai ez dituztela konturatzean baino ez dute erreakzionatuko askok, nagikeria hutsagatik lehenago interesik eskaini ez izanagatik damutuz zihurrenik. Zalantzarik gabe, gehiegik.

Erruduntasun-presuntzioa

Erbi-txakur operazioari erreakzio bateratu bat eskeini diote hedabideek. Contadorren kasuan ez bezala, hasieratik azaldu da iritzi publikoa Marta Dominguezen aurka. Palentziarra izan bada ere foko guztiak bereganatu dituena, kirol munduarekin lotutako hainbat pertsonaia daude poliziaren susmopean, eta guztiek izan dute erantzun bera medioen aldetik.
Ezer gutxi jakin ahal izan dugu ikerketaren xehetasunen inguruan. Jende gehienak inplikatutako garrantzitsuenen izenak baino ez ditu ezagutuko, baina hau nahikoa izaten da epaia emateko hedabideek horretara gidatzen gaituztenean. Inongo frogaren beharrik gabe, hala esan badute zerbaitegatik izango dela uste izaten dugu. Horregatik, komunikabideek ardura handiz tratatu beharreko kontuak dira da hauek, pertsona askoren bizimodua goitik behera alda baitezake akats txikienak. Arinkeria handiegiarekin argitaratu ohi dira baina legez kanpoko ekintzekin loturiko albisteak, soinu asko atereaz eta kalte handia eginez.
Inork ez luke frogarik gabe eginiko akusazio baten aurrean bere burua defendatzeko egoera bizi beharrik; horretara behartzen dituzte ordea honelako berriek, guztion aurrean gaizkile moduan aurkeztuz. Interesgarria litzake halaber, pertsonaia batzuk tratu hau zergatik jasotzen duten aztertzea, beste zenbaitek guztiz aurkakoa jasotzen badute. Baina beste batean aztertzeko gaia dugu hau.

Ea zer egiten duen beste kateak...

Telebista kateek milaka buelta ematen dizkiote bere buruari, emanaldi eraginkorrak egiteko nahiez. Edo agian ez dute gehiegi pentsatzen horretarako. Telebista kateek beren "parrilletan" dituzten antolakuntza okerrak ikusi baino ez dago. Gero eta programa txatxu gehiago ordu ederretan, eta gero eta eduki hezitzaile gehiago inork ikusi ezin dituen orduetan. Edo bai? Izango da lo egin ezin duenik, edo gauez lan egiten ari dela begiratu bat eman diezaiekeenik. A zer nolako audientzia!
Baina goaz harira. Telebista kateek gero eta pertsonalitate gutxiago dute, gero eta independentzia gutxiago. Eta horrek arrazoi bakar bat dauka, eta onartzen badidazue, oso tristea: telebista kateek arerioak egin dituzte beste kateen artean. Baita lagunak ere. Hor dauzkagu Cuatro eta Telecinco kateen batzeak, edo La Sexta eta Antena 3-enak. Egia esan, kate batek bestea erosi du. Baina batu egin dira, azken batean. Dena dela, gure kontua arerioena da. Dena aldatzen baitie kateei areriotasun horrek.
Hasteko, arerioaren antzeko programak edo telesailak egiten dituzte batzuetan, edo bestearen programarekin lehiatuko direnak. Eta ez hori bakarrik. Ordutegi berean jartzen dituzte, jendeak bat edo beste ikus dezan. Eta biak ikusi nahi badituzu, izorrai!
Baina ez programak edo telesailak bakarrik, baita filmeak ere. Horiek ez dituzte eurek egiten, noski. Baina eskubideak erosi eta emititu egiten dituzte, bi arerioek antzeko ordutegietan, kasualitatez. Gaur bertan oso argia izan da adibidea, testu hau idazteko inspirazioa eman didana. La Sextak eta Telecincok pelikula bana eman dute arratsaldean. La Sextak "Los padres de ella" hiru t'erdietan, eta Telecincok "Los padres de el" lauretan. Hara! Barregarria, ezta?
Eta horrelaxe dabiltza beti. "Ea zer egiten duen beste kateak..."

jueves, 16 de diciembre de 2010

Mark Zuckerberg VS Julien Assange

Mark Zuckerberg, Facebooken sortzailea dugu, Times aldizkariaren “urteko pertsona”. Askotan hitz egin dugu blog honetan, teknologia berriek, gaur egun komunikazioan duten garrantziaz, baina honako albiste honek gure iritzia baieztatu besterik ez du egiten.
Facebook dugu azken urteetan komunikazioarako tresnarik erabiliena; baita garrantzitsuena ere. Bere sortzailea berriz, urteko pertsonairik garrantzitsuena. Argia da beraz, XXI. Mendean komunikazioa zibernetikoaren arrakasta. Nik neuk kritikatu nuen, pantailaren atzean ematen dire erlazioa hauek, hotzegiak zirela esanaz. Hala ere, hauek duten arrakasta itzela da, beraz nahiz eta niri ez gustatu, besteei gustatzen zaien seinale.
Times-ek Mark Zuckerberg aukeratu duen arren, irakurleei web orrian egindako galdetekan Julian Assange izan da garaile. Beraz zergatik ez dute bera aukeratu garaile moduan? Hedabide guztiek egin ohi dituzten galdeketek ez dutelako ez balio agian? Edota Julian Assangek, Times-ek defendatzen duen egitura politikoa kolokan jarri duelako?
Erantzuna, auskalo zein den. Biak agian, edota ez bata eta ez bestea. Hala ere, biak bultzatu dute komunikazioa. Bakoitzak bere erara, baina biek arrakasta handiarekin.

lunes, 13 de diciembre de 2010

Liburu elektronikoa


Hedabideen inguruan mintzatuko ginela azaldu genizuen lehen sarreran. Hedabideak informazioa helarazteko tresnak dira, beraz, gaurko gaiak, ere badu zerikusirik blog honen helburuarekin, nahiz eta gutxi izan. Azken urteotan gorantz datorren fenomeno bati buruz hitz egingo dut honako honetan, liburu elektronikoei buruz.
Nik neuk oraingoz nahiago dut papereko produktua. Liburuen usainak, pisuak, orrien joan-etorriek gatibaturik naukate. Liburu elektronikoak berri hotzegiak iruditzen zaizkit. Egia da, formatu berri honek liburu pila bat edukitzeko aukera eskaintzen duela, baina egia da baita ere liburu bakoitzak bere unea eduki behar duela. Liburuak, ez dira batetik bestera saltaka ibiltzeko. Liburu bakoitzak bere gunea eta denbora behar du. Bakoitzak bere usaina. Bakoitzak bere liturgia. Zertarako milaka liburu eduki, bat bera ere goza ezin badezakegu.
Hala ere liburu elektronikoek izan dezakete alde onik. Paperaren kostua ekiditen da, interneten bidez idazlearen eta irakurlearen arteko erlazioan bitartekarien beharrik ez dago. Beraz, produktuaren prezioak behera egin beharko luke, eta dezente gainera. Liburuen prezioek azken urteotan izan duen gorakada apaltzeko balio badu, ongi etorria izan dadila liburu elektronikoa.

domingo, 12 de diciembre de 2010

Telebistak interneten

Aldaketa ugari izan ohi dituzte hedabideek. Teknologiak aurrera egin ahala, eurek ere eboluzionatzen dute. Azken garapen garrantzitsua internetena izan zen. Izan ere, internet aukera anitza da, beste euskarriak ez bezala.
Internetek, esan bezala, beste medioek baina aukera gehiago eskaintzen ditu. Horrela, testuak irakurri, bideoak ikusi, audioak entzun eta beste askotarako bide ematen du. Eta tresna horiek guztiak izanik, zerbait are garrantzitsuagoa dauka: beste euskarri guztiak barneratu ditzakegu. Internetek irratia, prentsa eta telebista har ditzake bere barnean, eta ezaugarri hori ez da hutsean geratu.
Beraz, beste euskarri horietako hedabideek interneterantz jo dute, beren berezko euskarriaz gain beste bat ere lantzeko. Horrela, gaur egun internet bidez irratia entzun daiteke eta prentsa irakurri. Ez dira gaur goizeko kontuak bi horiek. Telebistak, ordea, gehiago itxaron du pauso hori emateko.
Baliteke zailtasunagatik izatea, baina duela denbora gutxira arte, ez zen posible telebista katerik ikustea (legalki, esan nahi da) interneten. Gaur egun, ordea, gero eta gehiago dira beren streaming-a egiten dutenak interneten. Telebista kateek zuzeneko emisioa egiten dute beren webgunean. Dena den, interneteko emisioa ez dator telebistakoarekin bat. Interneten ez dira programa guztiak emititzen, soilik bakar batzuk.
Internet bidez emititzeak beren ikuste eremua zabaltzea ahalbidetzen dio kateari. Horren adibide da, esate baterako, La Sexta kateko Buenafuente saioak Hego Amerikako zenbait herrialdeetan ere audientzia izatea. Beraz, gauza guztien gainetik, internet bidezko emisioak mugak hausten ditu. Hori ez al zen globalizazioa?