lunes, 6 de diciembre de 2010

Kirolen aniztasuna, non?

Jakina da hedabideek ezin dutela gertakari guztien berri eman. Ez dute ez lekurik ezta astirik ere hainbeste albiste emateko. Beraz, hautaketa bat egin behar dute albiste guztien artean.
Hautaketa hori, ordea, ez da batere objektiboa izaten. Edozein gairekin loturik, bakoitzak interesatzen zaionaren arabera erabakitzen du eskeiniko duen informazioa. Gauzak horrela, haiek erabakitzen dute zer den garrantzitsua eta zer ez. Baina, kasualitatez, beti estatu, gai, alderdi politiko edo kirol berekoak izan ohi dira. Alegia, eurei ematen diete beti garrantzia, eurak bakarrik existituko balira bezala.
Gai guztietan gertatzen da hori, baina kontua are nabarmenagoa da kirolaren munduan. Izan ere, kirolen aniztasuna behar zen lekuan kirol baten erregetza dugu. Gaur egun, futbolak kazetaritzako kirol tarteen erdia edo gehiago hartzen ditu. Futbol munduko edozein huskeria da beste kirol bateko albiste garrantzitsuena baino garrantzitsuagoa. Bestalde, futbolaren barnean ere, talde pare batek betetzen du informazio osoa, eta gainerako taldeak beste kirolen lekuan geratzen dira, ia tokirik gabe. Baina, azkenean, futbolak hartzen du toki guztia ia.
Horrela, beste kirolek oso tarte gutxi izaten dute, eta batzuek hori ere ez. Gauzak horrela, kirol "minoritario" horietako talde edo kirolari gehienak ez dira sekula agertzen hedabideetan. Eta badakigu, hedabideetan agertzen ez dena ez da existitzen. Hala diote. Edo hala izatea nahi dute. Azkenean, kirolen arteko desoreka horrek kirolen aniztasunarekin amaitzera jotzen du. Eskerrak kirol horietako jarraitzaileak ez diren hedabideen informazioaz bizi!

No hay comentarios:

Publicar un comentario