domingo, 19 de diciembre de 2010

Erruduntasun-presuntzioa

Erbi-txakur operazioari erreakzio bateratu bat eskeini diote hedabideek. Contadorren kasuan ez bezala, hasieratik azaldu da iritzi publikoa Marta Dominguezen aurka. Palentziarra izan bada ere foko guztiak bereganatu dituena, kirol munduarekin lotutako hainbat pertsonaia daude poliziaren susmopean, eta guztiek izan dute erantzun bera medioen aldetik.
Ezer gutxi jakin ahal izan dugu ikerketaren xehetasunen inguruan. Jende gehienak inplikatutako garrantzitsuenen izenak baino ez ditu ezagutuko, baina hau nahikoa izaten da epaia emateko hedabideek horretara gidatzen gaituztenean. Inongo frogaren beharrik gabe, hala esan badute zerbaitegatik izango dela uste izaten dugu. Horregatik, komunikabideek ardura handiz tratatu beharreko kontuak dira da hauek, pertsona askoren bizimodua goitik behera alda baitezake akats txikienak. Arinkeria handiegiarekin argitaratu ohi dira baina legez kanpoko ekintzekin loturiko albisteak, soinu asko atereaz eta kalte handia eginez.
Inork ez luke frogarik gabe eginiko akusazio baten aurrean bere burua defendatzeko egoera bizi beharrik; horretara behartzen dituzte ordea honelako berriek, guztion aurrean gaizkile moduan aurkeztuz. Interesgarria litzake halaber, pertsonaia batzuk tratu hau zergatik jasotzen duten aztertzea, beste zenbaitek guztiz aurkakoa jasotzen badute. Baina beste batean aztertzeko gaia dugu hau.

No hay comentarios:

Publicar un comentario