domingo, 19 de diciembre de 2010

Ea zer egiten duen beste kateak...

Telebista kateek milaka buelta ematen dizkiote bere buruari, emanaldi eraginkorrak egiteko nahiez. Edo agian ez dute gehiegi pentsatzen horretarako. Telebista kateek beren "parrilletan" dituzten antolakuntza okerrak ikusi baino ez dago. Gero eta programa txatxu gehiago ordu ederretan, eta gero eta eduki hezitzaile gehiago inork ikusi ezin dituen orduetan. Edo bai? Izango da lo egin ezin duenik, edo gauez lan egiten ari dela begiratu bat eman diezaiekeenik. A zer nolako audientzia!
Baina goaz harira. Telebista kateek gero eta pertsonalitate gutxiago dute, gero eta independentzia gutxiago. Eta horrek arrazoi bakar bat dauka, eta onartzen badidazue, oso tristea: telebista kateek arerioak egin dituzte beste kateen artean. Baita lagunak ere. Hor dauzkagu Cuatro eta Telecinco kateen batzeak, edo La Sexta eta Antena 3-enak. Egia esan, kate batek bestea erosi du. Baina batu egin dira, azken batean. Dena dela, gure kontua arerioena da. Dena aldatzen baitie kateei areriotasun horrek.
Hasteko, arerioaren antzeko programak edo telesailak egiten dituzte batzuetan, edo bestearen programarekin lehiatuko direnak. Eta ez hori bakarrik. Ordutegi berean jartzen dituzte, jendeak bat edo beste ikus dezan. Eta biak ikusi nahi badituzu, izorrai!
Baina ez programak edo telesailak bakarrik, baita filmeak ere. Horiek ez dituzte eurek egiten, noski. Baina eskubideak erosi eta emititu egiten dituzte, bi arerioek antzeko ordutegietan, kasualitatez. Gaur bertan oso argia izan da adibidea, testu hau idazteko inspirazioa eman didana. La Sextak eta Telecincok pelikula bana eman dute arratsaldean. La Sextak "Los padres de ella" hiru t'erdietan, eta Telecincok "Los padres de el" lauretan. Hara! Barregarria, ezta?
Eta horrelaxe dabiltza beti. "Ea zer egiten duen beste kateak..."

No hay comentarios:

Publicar un comentario