Tripak, ajea edota oturuntza bat dela medio, sentibera xamar badituzu agian ez zaizu komeni sarrera hau irakurtzerik. Berriz, nik egin dudan moduan, txahala bota eta tripa eta hesteak hustu nahi badituzu irakurri lasai, on egingo baitizu.
Ez, ez dut argazki makabrorik jarriko, ezta nazkagarririk ere; ez dut uste ere botaka eragiten duenik nire erretorika edota idazkerak, ez dut hori pentsatu nahi behinik behin. Ez, Telecincok sortutako web orri baten berri eman nahi dizut, zuk ere nik bezala sarrera hau irakurri ondoren gunea arbuiatuko duzulakoan.
Telecincok, gizartea krisi garaiak jasaten ari dela oharturik, ikusleei krisi hori gailentzeko baliagarria izango zaion web orria sortu du. Hala ere ez pentsa bertan lan eskaintzarik aurkituko duzunik, ezta lan hori aurkitzeko baliagarriak izango zaizkizun aholkurik ere. Telecincok krisiari aurre egiteko teknika lazgarri bat sortu baitu: Lanik eta dirurik ez duenari, jende ospetsu eta aberatsen bizitzaren berri ematea da eurek krisiari aurre egiteko aurkitutako konponbidea.
Hau da, krisi garaietan behar gehien duenari lagundu beharrean, krisia gutxien pairatu duena legitimatzen du Telecinkok. Behartsuari lagundu beharrean, honi, dirua soberan duenaren bizitza jartzen dio aurpegi aurrean; ikus dezala besteen gorputzean, berak inoiz izango ez dituen arropa eta bitxiak; dasta dezala diruak ematen duen botere eta ospea momentu batez bada ere; jakin dezala, bera hilabetearen amaierara iristeko arazoekin dabilen bitartean, beste batzuk egunero parrandan dabiltzala… Azken finean, ikusi dezala behartsuak gizartean mailak egon badaudela, eta beste batzuk urrearen distiraz inguraturik bizi diren bitartean, bera, pobreziaren lokatza aurpegitik kendu ezinik dabilela.
Web orriak Divinity du izena, eta nahi izanez gero klikatu eta bertako “glamourraz” gozatu. Nik ez nuke egingo. Zuk ikusiko duzu merezi duen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario