domingo, 28 de noviembre de 2010

Bartzelona eta Real Madrid: monopolio informatiboa

Iritsi da azkenik espainiar ligako klasiko handia, Real Madrid eta Bartzelonaren arteko partidua. Telebistako albistegiak bi edo hiru astez arduratu dira lehiaren etorrera iragartzeaz, eta egun hauetan saturazioraino iritsi dira, kirol atalak erabat betez.
Futbola da zalantzarik gabe kirolen izarra Espainian, baina badaude interesa eragiten duten beste zenbait kirol, eta hauei ez zaie normalean inongo tokirik eskeintzen. Futbolaren mesedetan beste kirolekin ematen den baztertze hau, futbolaren barruan ere ematen da, txapelketa berean dauden taldeen artean gainera. Aurrez aipaturiko bi taldeak dira estatuan zale gehien dituztenak eta beraz, interes gehien eragiten dutenak. Horregatik ematen diete horrenbesteko garrantzia albistegiek. Baina azken urteetan pentsaezinezko mugetara iritsi gara.
Albistegiak, informatzeko saioak, entretenimendu hutseko saio bilakatu dira. Honek kirol informazioan ere eragin guztiz kaltegarria izan du, Mourinhoren txikleen inguruko erreportajeek aipatutako taldeek jokatu gabeko partidu baten laburpenari aurre hartzeraino. Praktika honek, desinformazioa sustatzeaz gain, talde hauek besteekiko duten aldea areagotzea baino ez dakar, gehien agertzen direnak jende gehiago erakarriko baitute beti eta honek diru gehiago. Beste kirolek ere gaitzespen hau jasaten dute futbolarekiko, ondorio berekin.
Aste hau izan da salatzen den jardun honen adibide garbiena, tratu guztiz partzial hau agerian utzi baita, txapelketa osoa bi talde hauen arteko lehia honetara mugatuz. Hedabideek, publikoek bereziki, ez lukete kontzienteki interes pribatu batzuen mesedetan jokatu behar, beste batzuei kalte egingo badiete. Hala ere, hau beste alorretan ere ematen da. Zorionez bihar ahaztu egingo dugu kontu hau, ohiko egoerara itzultzearekin; baina arazoak hortxe jarraituko du.

Sukaldaritzaren fenomenoa

Hedabideetan era guztietako programak egiten dira, marrazki bizidunetatik hasi eta txutxu-mutxuen programa arrosetara. Batzuek hedabide batzuetan dute beren lekua, beste batzuek besteetan. Arrakasta ere ez da maila berekoa izaten, ezta ikusleria ere.
Baina, dirudienez, badago programa mota bat euskarri guztietan, hedabide askotan eta ikusle guztientzat ematen dena. Sukaldaritzaren fenomenoaz ari gara. Izan ere, azken urteotan indar handia hartu dute telebista kateetan sukaldaritza saioek. Eguerdietan edo beste ordutegi batean, zenbait katetan dauzkagu Karlos Argiñanoren saioa, Robin Food, La cocina de Bruno Oteiza edo Hoy cocinas tu bezalakoak.
Baina ez hori bakarrik. Fenomeno hau ez da telebistan soilik ematen. Sukaldaritza aldizkari, egunkari, irrati eta webguneetan ere badago. Ohikoak dira edozein aldizkari edo egunkari orokorretan eta zenbait irrati saiotan ematen dituzten errezetak, gehienetan sukaldari ospetsu baten eskutik.
Beraz, indar handia du sukaldaritzak hedabideetan, baina zergatik? Jatea existitzen den plazer handienetakoa delako ote?

viernes, 26 de noviembre de 2010

Internet, ikasketetarako baliagarria den tresna

                Internet ez da soilik komunikaziorako hedabide bat, irakaskuntzan erabiltzeko tresna bikain bat ere bada. Internetek eta komunikazio bide berriek ireki dituzten baliabideetatik zein dugu ordea erabilgarriena irakaskuntzan? Zein da ikasleek gehien erabiltzen dutena? Galdera horiek erantzuten saiatzen da urtero Jane Hart, Irakaskuntza eta Funtzionamendurako Teknologien zentroko burua izateaz gain, blogaria ere dena.
                Ikasle eta irakasle desberdinei galdetu ondoren egiten duen sailkapenean, aurten ere iaz bezala Twitter dugu lehenengo postuan. Betidanik esan da, Twitter komunikatzeko tresna izateaz gain, ikaskuntza eta jakituria sare zabal bat eratzeko tresna ere badela. Kazetarientzat adibidez, munduan sortu edota ekoizten diren albiste eta informazioen berri izateko gune paregabe da. Listan agertzen diren beste komunikabideak ere, oso baliagarriak izan daitezke kazetariaren lanerako; beraz, bere web orrian sartu eta lehen postuetan zein aurkitzen diren ikusi dezakezue. 

domingo, 21 de noviembre de 2010

Umorearen tabuak

HazteOir.org eta DJCk, La Sexta katearen kontrako salaketa bat jarri dute erlijioaren aurkako gorrotoa sustatzeagatik. Andreu Buenafuenteren saioari leporatu diote zehazki katolizismoaren irudi oker bat aurkeztu izana, “Conozcamos la Iglesia católica” izeneko bideo batean.
Bideo hau ez da bereziki gogorra edo iraingarria, programa hau bera izan da eliza katolikoarekiko kritikoago beste zenbaitetan. Beraz salaketa honek harrigarria izan beharko luke lehen begiratuan. Hala ere, ez gaitu guztiz ezustean hartzen; oraindik ere komunikabideetan askatasun osoz tratatu ezin daitezken gai batzuk baitaude, eta noizean behin arduratzen da norbait hau gogorarazteaz.
Espainiar estatuan, Gerra Zibila eta ondorengo diktadura, errege familia eta erlijio katolikoaz ez da hedabideetan lasaitasunez hitz egiten, zentsura ematen delarik. Hau barnetik etortzen da gehienetan, autozentsura alegia, nahiago izaten baita gai hauekin kontu handiagoz ibiltzea. Hau gertatzen ez den kasu urrietan berriz, beti altsatzen da ahotsen bat noraino irits daitekeen esateko.
Elkarte hauek arrazoia dute bere mezuan: gorrotoa mespretxua eta diskriminazioa ez dira inola ere bultzatu behar. Baina ez da onargarria batzuek besteek baino trataera hobea jasotzea, bereziki tratu hau jasotzeko inongo meriturik egin ez dutenean. Eta urte gehiegi daramatzagu egoera hau onartzen.

Arrakastaren formula: kalitatea ala... "famatuak"?

Hedabideetan, eta telebistan gehienbat, edozer egiten da arrakasta izatearren. Arrakasta, arrakasta... Zer da arrakasta? Programa on bat egitea, kalitatezkoa eta hezitzailea? Ez, hori jada ahaztuta dute. Gaur egun audientzia handia izateak baino ez du balio. Berdin dio programa hori oso kalitate eskasekoa den, etikoki ezegokia den edo besteen bizitzetan modu txarrean sartzen den. Audientzia duen bitartean...
Beraz, hedabideek audientzia lortu behar dute, publiko asko biltzea euren programen aurrean. Eta, noski, horretarako kalitatezko programak egiten dituzte, hezitzaileak. Bada, ez, esan dugu lehenago ez dela hala gertatzen. Izan ere, kalitatezko programa bat egiteak ez du arrakasta bermatzen. Beharbada azkenaldian egiten diren programek bultzatu dute publikoa kalitateari garrantzia gehiegi ez ematera. Orain beste formula batzuk dauzkate arrakasta eskuratzeko, "famatuen" erabilpena, esate baterako. Jende ezagunaren presentziak indar handia du, programaren kalitateak baino handiagoa. Eta kontu pertsonalen ingurukoa edo beren alde ilunen ingurukoa bada, are gehiago. Gainera, horietako batzuk meritu batzuk eginez ezagun egin badira ere, gehienak telebistan egin dira ezagun, inolako meriturik egin gabe.
Badira kalitatearekin arrakasta dutren programak, baina gero eta gehiago jotzen da pertsona famatuen kontrataziora. Aurreko artikuluan ikusi dugun moduan, famatuen eta beren abertasunen legitimazio eta gorespena egiten da. Hori bilakatu baita "arrakastaren formula".

jueves, 18 de noviembre de 2010

Telecinco, behartsuak babesteko orduan, beti bezain prest

Tripak, ajea edota oturuntza bat dela medio, sentibera xamar badituzu agian ez zaizu komeni sarrera hau irakurtzerik. Berriz, nik egin dudan moduan, txahala bota eta tripa eta hesteak hustu nahi badituzu irakurri lasai, on egingo baitizu.
Ez, ez dut argazki makabrorik jarriko, ezta nazkagarririk ere; ez dut uste ere botaka eragiten duenik nire erretorika edota idazkerak, ez dut hori pentsatu nahi behinik behin. Ez, Telecincok sortutako web orri baten berri eman nahi dizut, zuk ere nik bezala sarrera hau irakurri ondoren gunea arbuiatuko duzulakoan.
Telecincok,  gizartea krisi garaiak jasaten ari dela oharturik, ikusleei krisi hori gailentzeko baliagarria izango zaion web orria sortu du. Hala ere ez pentsa bertan lan eskaintzarik aurkituko duzunik, ezta lan hori aurkitzeko baliagarriak izango zaizkizun aholkurik ere. Telecincok krisiari aurre egiteko teknika lazgarri bat sortu baitu: Lanik eta dirurik ez duenari, jende ospetsu eta aberatsen bizitzaren berri ematea da eurek krisiari aurre egiteko aurkitutako konponbidea.
Hau da, krisi garaietan behar gehien duenari lagundu beharrean, krisia gutxien pairatu duena legitimatzen du Telecinkok. Behartsuari lagundu beharrean, honi, dirua soberan duenaren bizitza jartzen dio aurpegi aurrean; ikus dezala besteen gorputzean, berak inoiz izango ez dituen arropa eta bitxiak; dasta dezala diruak ematen duen botere eta ospea momentu batez bada ere; jakin dezala, bera hilabetearen amaierara iristeko arazoekin dabilen bitartean, beste batzuk egunero parrandan dabiltzala… Azken finean, ikusi dezala behartsuak gizartean mailak egon badaudela, eta beste batzuk urrearen distiraz inguraturik bizi diren bitartean, bera, pobreziaren lokatza aurpegitik kendu ezinik dabilela.
Web orriak Divinity du izena, eta nahi izanez gero klikatu eta bertako “glamourraz” gozatu. Nik ez nuke egingo. Zuk ikusiko duzu merezi duen.

domingo, 14 de noviembre de 2010

ETBren barne gatazka

ETB-1 eta ETB-2k historiako audientzia txarrenak izan zituzten urrian %1,7 eta %7,7. Gezurra badirudi ere, ez da hau momentu honetan kate publikoak duen arazo larriena. Gernikako Estatutuari buruzko bideoaren hauziak, gerra piztu du langileen eta zuzendaritzaren artean, eta giroa berotu egin da azken egunetan.
Inortxok ere ez du ulertzen bi langile espedientatu izana, beste norbaitek egindako lan bat sinatu eman nahi ez izateagatik; eta are gutxiago aurrez arduraduna informatu denean. Erreakzioak berehalakoak izan ziren: bai gainontzeko langileak eta baita sindikatuak ere, espedientatzearen aurka agertu ziren eta protesta ugari eraman dituzte aurrera.
Hanka sartzea konpontzeko asmorik gabe, Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak, ezker abertzaleari eta EAJko sektore erradikalei egotzi zien egoera, haien gestioa kaltetzen saiatzea leporatzera iritsiz. Erredakzioko kideak irainduak sentitu dira hitz hauen aurrean, haien profesionaltasuna zalantzan jarri izanaz gain gezurra esan omen baitu zuzendaritzak. Gatazkaren amaierak gero eta urrunago dirudi.
Hurbiletik jarraitu beharko dira batzuen eta besteen pausoak, ETBren etorkizuna baita jokoan dagoena.