lunes, 27 de diciembre de 2010

Hedabideen iturriak

Askotan hitz egin dugu hedabideez, askotan kritikatu ditugu. Zein dira ordea hauen iturriak? Zein dira iturri horien jabeak? Galdera hauek bigarren mailakoak direla dirudi, hedabide baten izaeran garrantzia gutxi dutela. Hala ere, iturri horiek guk uste baino garrantzia gehiago dute. Hedabide gehienek, kostuak murrizte aldera, iturrietara eta kanpoko ekoizte-etxetara jotzen dute; hedabide horiek, beste batzuek sortutako informazio edota produktuak hedatzen dituzten plataformak dira.
Iturriak hain dira garrantzitsuak, hedabideak hauen menpe egon ohi direla askotan. Ikusleak jadanik ez du nahikoa hedabidea konprenitzearekin (honen ideologia, interesak), orain hedabide horien iturriak konprenitu behar ditu, ez badu hedabide horien eskuetan panpina baten moduan geratu nahi.
Hedabideek berriz, iturri horiek ahal den heinean ekiditen saiatu beharko luke. Berak ekoitzi dezala ahal duen gehien, bestela iturriek ekoitzitakoaren hedatzaile soilak izango baitira.

domingo, 19 de diciembre de 2010

Protesta isila edo isildua

Krisia eta aire-kontrolatzaileen istiluaren artean, bigarren lerroan geratu da Sinde Legearen onarpena. Espainia legez kanpoko deskargetan mundu mailako potentzia dela esan liteke, beraz lege honen eragina izugarria izan daiteke gure gizartean. Hala ere, ez dirudi komunikabideek garrantzia handirik eman diotenik. Ez legeari berari eta ezta honen inguruko protesta ugariei ere.
Hedabideen atzetik dauden interes senoak kontutan hartuta ere, harrigarria da nola mantendu dezaketen ezkutuan horrenbesteko interesa duen gai bat. Baina are harrigarriagoa da, mutismo honek ekarri duen desinformazio maila XXI. mendean. Argi ikusten da oraindik ere komunikabide tradizionalak direla oraindik ere jasotzen dugun informazioaren gehiengoaren arduradun, eta ondorioz, gugan eragiteko indar handia dutela.
Aurrez esandakoarekin ere, hedabidei erru guztia egoztea ez litzake bidezkoa. Izan ere, badaude informazioa eskuratzeko beste bide batzuk, eta gure ardura da hauek ez kontsultatu edo ez erabakitzea. Hau horrela izanik, zaila da azaltzea enpresa handiek askatasuna murriztu nahi duten bitartean, sarean egin behar duguna eta ez duguna erabaki, epaile baten oniritziaren beharrik gabe, erantzun masiborik ez egotea. Asteazkenean bertan egingo da bozketa, eta baiezkoa irten ezkero, kontsumitu ohi dituzten edukiak eskuragai ez dituztela konturatzean baino ez dute erreakzionatuko askok, nagikeria hutsagatik lehenago interesik eskaini ez izanagatik damutuz zihurrenik. Zalantzarik gabe, gehiegik.

Erruduntasun-presuntzioa

Erbi-txakur operazioari erreakzio bateratu bat eskeini diote hedabideek. Contadorren kasuan ez bezala, hasieratik azaldu da iritzi publikoa Marta Dominguezen aurka. Palentziarra izan bada ere foko guztiak bereganatu dituena, kirol munduarekin lotutako hainbat pertsonaia daude poliziaren susmopean, eta guztiek izan dute erantzun bera medioen aldetik.
Ezer gutxi jakin ahal izan dugu ikerketaren xehetasunen inguruan. Jende gehienak inplikatutako garrantzitsuenen izenak baino ez ditu ezagutuko, baina hau nahikoa izaten da epaia emateko hedabideek horretara gidatzen gaituztenean. Inongo frogaren beharrik gabe, hala esan badute zerbaitegatik izango dela uste izaten dugu. Horregatik, komunikabideek ardura handiz tratatu beharreko kontuak dira da hauek, pertsona askoren bizimodua goitik behera alda baitezake akats txikienak. Arinkeria handiegiarekin argitaratu ohi dira baina legez kanpoko ekintzekin loturiko albisteak, soinu asko atereaz eta kalte handia eginez.
Inork ez luke frogarik gabe eginiko akusazio baten aurrean bere burua defendatzeko egoera bizi beharrik; horretara behartzen dituzte ordea honelako berriek, guztion aurrean gaizkile moduan aurkeztuz. Interesgarria litzake halaber, pertsonaia batzuk tratu hau zergatik jasotzen duten aztertzea, beste zenbaitek guztiz aurkakoa jasotzen badute. Baina beste batean aztertzeko gaia dugu hau.

Ea zer egiten duen beste kateak...

Telebista kateek milaka buelta ematen dizkiote bere buruari, emanaldi eraginkorrak egiteko nahiez. Edo agian ez dute gehiegi pentsatzen horretarako. Telebista kateek beren "parrilletan" dituzten antolakuntza okerrak ikusi baino ez dago. Gero eta programa txatxu gehiago ordu ederretan, eta gero eta eduki hezitzaile gehiago inork ikusi ezin dituen orduetan. Edo bai? Izango da lo egin ezin duenik, edo gauez lan egiten ari dela begiratu bat eman diezaiekeenik. A zer nolako audientzia!
Baina goaz harira. Telebista kateek gero eta pertsonalitate gutxiago dute, gero eta independentzia gutxiago. Eta horrek arrazoi bakar bat dauka, eta onartzen badidazue, oso tristea: telebista kateek arerioak egin dituzte beste kateen artean. Baita lagunak ere. Hor dauzkagu Cuatro eta Telecinco kateen batzeak, edo La Sexta eta Antena 3-enak. Egia esan, kate batek bestea erosi du. Baina batu egin dira, azken batean. Dena dela, gure kontua arerioena da. Dena aldatzen baitie kateei areriotasun horrek.
Hasteko, arerioaren antzeko programak edo telesailak egiten dituzte batzuetan, edo bestearen programarekin lehiatuko direnak. Eta ez hori bakarrik. Ordutegi berean jartzen dituzte, jendeak bat edo beste ikus dezan. Eta biak ikusi nahi badituzu, izorrai!
Baina ez programak edo telesailak bakarrik, baita filmeak ere. Horiek ez dituzte eurek egiten, noski. Baina eskubideak erosi eta emititu egiten dituzte, bi arerioek antzeko ordutegietan, kasualitatez. Gaur bertan oso argia izan da adibidea, testu hau idazteko inspirazioa eman didana. La Sextak eta Telecincok pelikula bana eman dute arratsaldean. La Sextak "Los padres de ella" hiru t'erdietan, eta Telecincok "Los padres de el" lauretan. Hara! Barregarria, ezta?
Eta horrelaxe dabiltza beti. "Ea zer egiten duen beste kateak..."

jueves, 16 de diciembre de 2010

Mark Zuckerberg VS Julien Assange

Mark Zuckerberg, Facebooken sortzailea dugu, Times aldizkariaren “urteko pertsona”. Askotan hitz egin dugu blog honetan, teknologia berriek, gaur egun komunikazioan duten garrantziaz, baina honako albiste honek gure iritzia baieztatu besterik ez du egiten.
Facebook dugu azken urteetan komunikazioarako tresnarik erabiliena; baita garrantzitsuena ere. Bere sortzailea berriz, urteko pertsonairik garrantzitsuena. Argia da beraz, XXI. Mendean komunikazioa zibernetikoaren arrakasta. Nik neuk kritikatu nuen, pantailaren atzean ematen dire erlazioa hauek, hotzegiak zirela esanaz. Hala ere, hauek duten arrakasta itzela da, beraz nahiz eta niri ez gustatu, besteei gustatzen zaien seinale.
Times-ek Mark Zuckerberg aukeratu duen arren, irakurleei web orrian egindako galdetekan Julian Assange izan da garaile. Beraz zergatik ez dute bera aukeratu garaile moduan? Hedabide guztiek egin ohi dituzten galdeketek ez dutelako ez balio agian? Edota Julian Assangek, Times-ek defendatzen duen egitura politikoa kolokan jarri duelako?
Erantzuna, auskalo zein den. Biak agian, edota ez bata eta ez bestea. Hala ere, biak bultzatu dute komunikazioa. Bakoitzak bere erara, baina biek arrakasta handiarekin.

lunes, 13 de diciembre de 2010

Liburu elektronikoa


Hedabideen inguruan mintzatuko ginela azaldu genizuen lehen sarreran. Hedabideak informazioa helarazteko tresnak dira, beraz, gaurko gaiak, ere badu zerikusirik blog honen helburuarekin, nahiz eta gutxi izan. Azken urteotan gorantz datorren fenomeno bati buruz hitz egingo dut honako honetan, liburu elektronikoei buruz.
Nik neuk oraingoz nahiago dut papereko produktua. Liburuen usainak, pisuak, orrien joan-etorriek gatibaturik naukate. Liburu elektronikoak berri hotzegiak iruditzen zaizkit. Egia da, formatu berri honek liburu pila bat edukitzeko aukera eskaintzen duela, baina egia da baita ere liburu bakoitzak bere unea eduki behar duela. Liburuak, ez dira batetik bestera saltaka ibiltzeko. Liburu bakoitzak bere gunea eta denbora behar du. Bakoitzak bere usaina. Bakoitzak bere liturgia. Zertarako milaka liburu eduki, bat bera ere goza ezin badezakegu.
Hala ere liburu elektronikoek izan dezakete alde onik. Paperaren kostua ekiditen da, interneten bidez idazlearen eta irakurlearen arteko erlazioan bitartekarien beharrik ez dago. Beraz, produktuaren prezioak behera egin beharko luke, eta dezente gainera. Liburuen prezioek azken urteotan izan duen gorakada apaltzeko balio badu, ongi etorria izan dadila liburu elektronikoa.

domingo, 12 de diciembre de 2010

Telebistak interneten

Aldaketa ugari izan ohi dituzte hedabideek. Teknologiak aurrera egin ahala, eurek ere eboluzionatzen dute. Azken garapen garrantzitsua internetena izan zen. Izan ere, internet aukera anitza da, beste euskarriak ez bezala.
Internetek, esan bezala, beste medioek baina aukera gehiago eskaintzen ditu. Horrela, testuak irakurri, bideoak ikusi, audioak entzun eta beste askotarako bide ematen du. Eta tresna horiek guztiak izanik, zerbait are garrantzitsuagoa dauka: beste euskarri guztiak barneratu ditzakegu. Internetek irratia, prentsa eta telebista har ditzake bere barnean, eta ezaugarri hori ez da hutsean geratu.
Beraz, beste euskarri horietako hedabideek interneterantz jo dute, beren berezko euskarriaz gain beste bat ere lantzeko. Horrela, gaur egun internet bidez irratia entzun daiteke eta prentsa irakurri. Ez dira gaur goizeko kontuak bi horiek. Telebistak, ordea, gehiago itxaron du pauso hori emateko.
Baliteke zailtasunagatik izatea, baina duela denbora gutxira arte, ez zen posible telebista katerik ikustea (legalki, esan nahi da) interneten. Gaur egun, ordea, gero eta gehiago dira beren streaming-a egiten dutenak interneten. Telebista kateek zuzeneko emisioa egiten dute beren webgunean. Dena den, interneteko emisioa ez dator telebistakoarekin bat. Interneten ez dira programa guztiak emititzen, soilik bakar batzuk.
Internet bidez emititzeak beren ikuste eremua zabaltzea ahalbidetzen dio kateari. Horren adibide da, esate baterako, La Sexta kateko Buenafuente saioak Hego Amerikako zenbait herrialdeetan ere audientzia izatea. Beraz, gauza guztien gainetik, internet bidezko emisioak mugak hausten ditu. Hori ez al zen globalizazioa?

lunes, 6 de diciembre de 2010

Kirolen aniztasuna, non?

Jakina da hedabideek ezin dutela gertakari guztien berri eman. Ez dute ez lekurik ezta astirik ere hainbeste albiste emateko. Beraz, hautaketa bat egin behar dute albiste guztien artean.
Hautaketa hori, ordea, ez da batere objektiboa izaten. Edozein gairekin loturik, bakoitzak interesatzen zaionaren arabera erabakitzen du eskeiniko duen informazioa. Gauzak horrela, haiek erabakitzen dute zer den garrantzitsua eta zer ez. Baina, kasualitatez, beti estatu, gai, alderdi politiko edo kirol berekoak izan ohi dira. Alegia, eurei ematen diete beti garrantzia, eurak bakarrik existituko balira bezala.
Gai guztietan gertatzen da hori, baina kontua are nabarmenagoa da kirolaren munduan. Izan ere, kirolen aniztasuna behar zen lekuan kirol baten erregetza dugu. Gaur egun, futbolak kazetaritzako kirol tarteen erdia edo gehiago hartzen ditu. Futbol munduko edozein huskeria da beste kirol bateko albiste garrantzitsuena baino garrantzitsuagoa. Bestalde, futbolaren barnean ere, talde pare batek betetzen du informazio osoa, eta gainerako taldeak beste kirolen lekuan geratzen dira, ia tokirik gabe. Baina, azkenean, futbolak hartzen du toki guztia ia.
Horrela, beste kirolek oso tarte gutxi izaten dute, eta batzuek hori ere ez. Gauzak horrela, kirol "minoritario" horietako talde edo kirolari gehienak ez dira sekula agertzen hedabideetan. Eta badakigu, hedabideetan agertzen ez dena ez da existitzen. Hala diote. Edo hala izatea nahi dute. Azkenean, kirolen arteko desoreka horrek kirolen aniztasunarekin amaitzera jotzen du. Eskerrak kirol horietako jarraitzaileak ez diren hedabideen informazioaz bizi!

domingo, 5 de diciembre de 2010

Surioren “Aspaldiko” artelana

                 Surioren “artelanetako” batek,  2011ean ere ETB2-ko programazioan jarraituko du, nire zoritxarrerako. Urrusoloren Aspaldiko, A2 edo dena delakoak, nahiz eta audientzia eskasak lortu (Pasalorekin alderatzen badugu behintzat), EITBko zuzendaritzaren babesa jaso du hurrengo urteari begira.
                Onartu beharra dut ez dudala Arantza Sinobas maite, eta are gutxiago Urrusolo. Onartu beharra dut, programa hasi baino lehen ere, honen kontrako iritzia eraikia nuela. Hala ere honako honetan ez dut gorrototik hitz egiten. Telebista saioa, Urrusolo egon edo ez egon (jakina, hobe ez badago) txarra iruditzen zait, geldoa, aspergarria, saltsa gutxikoa. Pasalo, eta badakit alderaketak egitea oker eta intentzio txarrez jokatzea dela, hau baino askoz hobea iruditzen zitzaidan eta han ere Zorrilla abizeneko neska gogaikarri bat bazegoen.  Hala ere, hasi aurkezleetatik, segi mahaikideetatik, eta Paloma Zorrillaren pertsonan amaituta ere, Aspaldiko edota A2 baino askoz hobea zen. Beste saltsa bat zuen, beste “pluralismo” bat, nahiz eta batzuetan azaleko pluralismo bat izan.
                Agian nire arazoa da. Seguruenik. Surioren telebista “berria” ona izango da, zihur. Hala ere audientziek kontrakoa diote, gustatzen ez zaion bakarra ez naizenaren seinale. Hala ere Aspaldikok edo A2k hor jarraituko du, betiko gabeziekin. Bitartean nik berdin jarraituko dut, sartaldeko telesailak iritsi bitartean, ETB2 ez jartzen.
                Hemen dituzuen albistearen inguruko zenbati esteka:

domingo, 28 de noviembre de 2010

Bartzelona eta Real Madrid: monopolio informatiboa

Iritsi da azkenik espainiar ligako klasiko handia, Real Madrid eta Bartzelonaren arteko partidua. Telebistako albistegiak bi edo hiru astez arduratu dira lehiaren etorrera iragartzeaz, eta egun hauetan saturazioraino iritsi dira, kirol atalak erabat betez.
Futbola da zalantzarik gabe kirolen izarra Espainian, baina badaude interesa eragiten duten beste zenbait kirol, eta hauei ez zaie normalean inongo tokirik eskeintzen. Futbolaren mesedetan beste kirolekin ematen den baztertze hau, futbolaren barruan ere ematen da, txapelketa berean dauden taldeen artean gainera. Aurrez aipaturiko bi taldeak dira estatuan zale gehien dituztenak eta beraz, interes gehien eragiten dutenak. Horregatik ematen diete horrenbesteko garrantzia albistegiek. Baina azken urteetan pentsaezinezko mugetara iritsi gara.
Albistegiak, informatzeko saioak, entretenimendu hutseko saio bilakatu dira. Honek kirol informazioan ere eragin guztiz kaltegarria izan du, Mourinhoren txikleen inguruko erreportajeek aipatutako taldeek jokatu gabeko partidu baten laburpenari aurre hartzeraino. Praktika honek, desinformazioa sustatzeaz gain, talde hauek besteekiko duten aldea areagotzea baino ez dakar, gehien agertzen direnak jende gehiago erakarriko baitute beti eta honek diru gehiago. Beste kirolek ere gaitzespen hau jasaten dute futbolarekiko, ondorio berekin.
Aste hau izan da salatzen den jardun honen adibide garbiena, tratu guztiz partzial hau agerian utzi baita, txapelketa osoa bi talde hauen arteko lehia honetara mugatuz. Hedabideek, publikoek bereziki, ez lukete kontzienteki interes pribatu batzuen mesedetan jokatu behar, beste batzuei kalte egingo badiete. Hala ere, hau beste alorretan ere ematen da. Zorionez bihar ahaztu egingo dugu kontu hau, ohiko egoerara itzultzearekin; baina arazoak hortxe jarraituko du.

Sukaldaritzaren fenomenoa

Hedabideetan era guztietako programak egiten dira, marrazki bizidunetatik hasi eta txutxu-mutxuen programa arrosetara. Batzuek hedabide batzuetan dute beren lekua, beste batzuek besteetan. Arrakasta ere ez da maila berekoa izaten, ezta ikusleria ere.
Baina, dirudienez, badago programa mota bat euskarri guztietan, hedabide askotan eta ikusle guztientzat ematen dena. Sukaldaritzaren fenomenoaz ari gara. Izan ere, azken urteotan indar handia hartu dute telebista kateetan sukaldaritza saioek. Eguerdietan edo beste ordutegi batean, zenbait katetan dauzkagu Karlos Argiñanoren saioa, Robin Food, La cocina de Bruno Oteiza edo Hoy cocinas tu bezalakoak.
Baina ez hori bakarrik. Fenomeno hau ez da telebistan soilik ematen. Sukaldaritza aldizkari, egunkari, irrati eta webguneetan ere badago. Ohikoak dira edozein aldizkari edo egunkari orokorretan eta zenbait irrati saiotan ematen dituzten errezetak, gehienetan sukaldari ospetsu baten eskutik.
Beraz, indar handia du sukaldaritzak hedabideetan, baina zergatik? Jatea existitzen den plazer handienetakoa delako ote?

viernes, 26 de noviembre de 2010

Internet, ikasketetarako baliagarria den tresna

                Internet ez da soilik komunikaziorako hedabide bat, irakaskuntzan erabiltzeko tresna bikain bat ere bada. Internetek eta komunikazio bide berriek ireki dituzten baliabideetatik zein dugu ordea erabilgarriena irakaskuntzan? Zein da ikasleek gehien erabiltzen dutena? Galdera horiek erantzuten saiatzen da urtero Jane Hart, Irakaskuntza eta Funtzionamendurako Teknologien zentroko burua izateaz gain, blogaria ere dena.
                Ikasle eta irakasle desberdinei galdetu ondoren egiten duen sailkapenean, aurten ere iaz bezala Twitter dugu lehenengo postuan. Betidanik esan da, Twitter komunikatzeko tresna izateaz gain, ikaskuntza eta jakituria sare zabal bat eratzeko tresna ere badela. Kazetarientzat adibidez, munduan sortu edota ekoizten diren albiste eta informazioen berri izateko gune paregabe da. Listan agertzen diren beste komunikabideak ere, oso baliagarriak izan daitezke kazetariaren lanerako; beraz, bere web orrian sartu eta lehen postuetan zein aurkitzen diren ikusi dezakezue. 

domingo, 21 de noviembre de 2010

Umorearen tabuak

HazteOir.org eta DJCk, La Sexta katearen kontrako salaketa bat jarri dute erlijioaren aurkako gorrotoa sustatzeagatik. Andreu Buenafuenteren saioari leporatu diote zehazki katolizismoaren irudi oker bat aurkeztu izana, “Conozcamos la Iglesia católica” izeneko bideo batean.
Bideo hau ez da bereziki gogorra edo iraingarria, programa hau bera izan da eliza katolikoarekiko kritikoago beste zenbaitetan. Beraz salaketa honek harrigarria izan beharko luke lehen begiratuan. Hala ere, ez gaitu guztiz ezustean hartzen; oraindik ere komunikabideetan askatasun osoz tratatu ezin daitezken gai batzuk baitaude, eta noizean behin arduratzen da norbait hau gogorarazteaz.
Espainiar estatuan, Gerra Zibila eta ondorengo diktadura, errege familia eta erlijio katolikoaz ez da hedabideetan lasaitasunez hitz egiten, zentsura ematen delarik. Hau barnetik etortzen da gehienetan, autozentsura alegia, nahiago izaten baita gai hauekin kontu handiagoz ibiltzea. Hau gertatzen ez den kasu urrietan berriz, beti altsatzen da ahotsen bat noraino irits daitekeen esateko.
Elkarte hauek arrazoia dute bere mezuan: gorrotoa mespretxua eta diskriminazioa ez dira inola ere bultzatu behar. Baina ez da onargarria batzuek besteek baino trataera hobea jasotzea, bereziki tratu hau jasotzeko inongo meriturik egin ez dutenean. Eta urte gehiegi daramatzagu egoera hau onartzen.

Arrakastaren formula: kalitatea ala... "famatuak"?

Hedabideetan, eta telebistan gehienbat, edozer egiten da arrakasta izatearren. Arrakasta, arrakasta... Zer da arrakasta? Programa on bat egitea, kalitatezkoa eta hezitzailea? Ez, hori jada ahaztuta dute. Gaur egun audientzia handia izateak baino ez du balio. Berdin dio programa hori oso kalitate eskasekoa den, etikoki ezegokia den edo besteen bizitzetan modu txarrean sartzen den. Audientzia duen bitartean...
Beraz, hedabideek audientzia lortu behar dute, publiko asko biltzea euren programen aurrean. Eta, noski, horretarako kalitatezko programak egiten dituzte, hezitzaileak. Bada, ez, esan dugu lehenago ez dela hala gertatzen. Izan ere, kalitatezko programa bat egiteak ez du arrakasta bermatzen. Beharbada azkenaldian egiten diren programek bultzatu dute publikoa kalitateari garrantzia gehiegi ez ematera. Orain beste formula batzuk dauzkate arrakasta eskuratzeko, "famatuen" erabilpena, esate baterako. Jende ezagunaren presentziak indar handia du, programaren kalitateak baino handiagoa. Eta kontu pertsonalen ingurukoa edo beren alde ilunen ingurukoa bada, are gehiago. Gainera, horietako batzuk meritu batzuk eginez ezagun egin badira ere, gehienak telebistan egin dira ezagun, inolako meriturik egin gabe.
Badira kalitatearekin arrakasta dutren programak, baina gero eta gehiago jotzen da pertsona famatuen kontrataziora. Aurreko artikuluan ikusi dugun moduan, famatuen eta beren abertasunen legitimazio eta gorespena egiten da. Hori bilakatu baita "arrakastaren formula".

jueves, 18 de noviembre de 2010

Telecinco, behartsuak babesteko orduan, beti bezain prest

Tripak, ajea edota oturuntza bat dela medio, sentibera xamar badituzu agian ez zaizu komeni sarrera hau irakurtzerik. Berriz, nik egin dudan moduan, txahala bota eta tripa eta hesteak hustu nahi badituzu irakurri lasai, on egingo baitizu.
Ez, ez dut argazki makabrorik jarriko, ezta nazkagarririk ere; ez dut uste ere botaka eragiten duenik nire erretorika edota idazkerak, ez dut hori pentsatu nahi behinik behin. Ez, Telecincok sortutako web orri baten berri eman nahi dizut, zuk ere nik bezala sarrera hau irakurri ondoren gunea arbuiatuko duzulakoan.
Telecincok,  gizartea krisi garaiak jasaten ari dela oharturik, ikusleei krisi hori gailentzeko baliagarria izango zaion web orria sortu du. Hala ere ez pentsa bertan lan eskaintzarik aurkituko duzunik, ezta lan hori aurkitzeko baliagarriak izango zaizkizun aholkurik ere. Telecincok krisiari aurre egiteko teknika lazgarri bat sortu baitu: Lanik eta dirurik ez duenari, jende ospetsu eta aberatsen bizitzaren berri ematea da eurek krisiari aurre egiteko aurkitutako konponbidea.
Hau da, krisi garaietan behar gehien duenari lagundu beharrean, krisia gutxien pairatu duena legitimatzen du Telecinkok. Behartsuari lagundu beharrean, honi, dirua soberan duenaren bizitza jartzen dio aurpegi aurrean; ikus dezala besteen gorputzean, berak inoiz izango ez dituen arropa eta bitxiak; dasta dezala diruak ematen duen botere eta ospea momentu batez bada ere; jakin dezala, bera hilabetearen amaierara iristeko arazoekin dabilen bitartean, beste batzuk egunero parrandan dabiltzala… Azken finean, ikusi dezala behartsuak gizartean mailak egon badaudela, eta beste batzuk urrearen distiraz inguraturik bizi diren bitartean, bera, pobreziaren lokatza aurpegitik kendu ezinik dabilela.
Web orriak Divinity du izena, eta nahi izanez gero klikatu eta bertako “glamourraz” gozatu. Nik ez nuke egingo. Zuk ikusiko duzu merezi duen.

domingo, 14 de noviembre de 2010

ETBren barne gatazka

ETB-1 eta ETB-2k historiako audientzia txarrenak izan zituzten urrian %1,7 eta %7,7. Gezurra badirudi ere, ez da hau momentu honetan kate publikoak duen arazo larriena. Gernikako Estatutuari buruzko bideoaren hauziak, gerra piztu du langileen eta zuzendaritzaren artean, eta giroa berotu egin da azken egunetan.
Inortxok ere ez du ulertzen bi langile espedientatu izana, beste norbaitek egindako lan bat sinatu eman nahi ez izateagatik; eta are gutxiago aurrez arduraduna informatu denean. Erreakzioak berehalakoak izan ziren: bai gainontzeko langileak eta baita sindikatuak ere, espedientatzearen aurka agertu ziren eta protesta ugari eraman dituzte aurrera.
Hanka sartzea konpontzeko asmorik gabe, Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak, ezker abertzaleari eta EAJko sektore erradikalei egotzi zien egoera, haien gestioa kaltetzen saiatzea leporatzera iritsiz. Erredakzioko kideak irainduak sentitu dira hitz hauen aurrean, haien profesionaltasuna zalantzan jarri izanaz gain gezurra esan omen baitu zuzendaritzak. Gatazkaren amaierak gero eta urrunago dirudi.
Hurbiletik jarraitu beharko dira batzuen eta besteen pausoak, ETBren etorkizuna baita jokoan dagoena.

sábado, 13 de noviembre de 2010

Politika eta telebista, elkarren beharrez

Joan den ostiralean jarri zen abian Kataluniako hauteskundeetarako kanpaina. Hautagai guztiek ekin zioten beren programari, ahalik eta botu gehien eskuratzearren. Bakoitzak bere estiloa baliatzen du, herritar soil gisa azaldu, opariren bat egin...
Esan bezala, ostiralean ekin zioten Kataluniako aginterako hautagaiek beren lanari. Hori arratsalde partean izan zen. Bada, gau hartan bertan, hautagaietako bat, Artur Mas, La Sexta telebista kateko Buenafuente saioan izan zen. Bertan, CiU alderdiko hautagaia natural aurkeztu zen. Eta ekintza hori ere kanpainaren parte da. Izan ere, politikariek telebistaren beharra dute beren programa politikoaren berri emateko, beren irudia hobetzeko, jendearen iritzia aldatzeko... Telebista eta bestelako hedabideak ezinbesteko tresna dira hauteskundeetan emaitza onak lortzeko.
Era berean, telebista kateek ere asko eskertzen dute hautagai baten "bisita". Izan ere, horrek jendea erakartzen du eta, azken batean, audinetzia ematen dio. Hauteskundeek eta hautagaiek jende asko mugitzen dute, eta Artur Mas bezalako hautagai garrantzitsu bat katera eramateak onura handiak dakarzkio kateari. Beraz, hautagaientzat telebistan ateratzea eraginkorra den bezala, katearentzat ere oso onuragarria da. Elkarren beharra dute politikariek eta telebista kateek.

viernes, 12 de noviembre de 2010

Sare sozialetan “berriketan”

Berriketan aritzeko jada ez dugu herriko plaza edota taberna zuloetara joan beharrik. Sarean sartu, eta hain ugariak diren komunikatzeko espazio birtualetara jotzea nahikoa dugu, garai batean aurrez aurre ematen zen harremana burutzeko. Aldaketa hori ez dakit positiboa edota negatiboa den, eztabaidak luze jo lezake. Beraz, euskaraz sortu berri den sare sozial baten inguruan mintzatuko naiz, aldeko edota kontrako iritzirik eman gabe, gero ere izango baita horretarako beta.
Orain arte, sarean ikusi genitzakeen gune horiek globalak ziren espazioari dagokionez. Bertan, edozein naziotako jendea aurki zenezakeen, edozein hizkuntzatan komunikatzen zena. Twitterren esaterako mundu guztiaren lagun egin zaitezke, azkenean gune ugaritako informazioa lortuz; hala ere, honek badu alde txarrik. Espazioa hain zabala izateak, inguruan dituzun gauzen berri ez izatea ekar dezake. Hau da, askotan hain da handia atzerriko gauzen inguruan dugun jakin-mina, askotan ez dugula gure herrian gertatu denaren berri ere izaten..
Beraz, Berria kazetak sortu duen “Berriketa” sare soziala, aipatu berri dudan gabezi horiek betetzera dator. Sare sozial honekin, euskal komunitate birtual bat sortu da, albisteak eta komunikazioa euskaraz sortu eta ekoizten den gunea; etxean ere gauza ugari baititugu, atzerrian bilatzen hasi beharrik gabe.
Aipatu bezala, gunea kritikatzeko etorkizunean ere izango da aukerarik. Espero, ezer kritikatu beharrik ez izatea, ez da albiste txarra izango.

Sartu eta komunikatu, haritu berriketan.

Sare sozialetan “berriketan”


domingo, 7 de noviembre de 2010

Aita Santuaren bisita TVEn

Venedicto XVI.a Aita Santua Espainian izan da asteburuan, eta bisita honen kontaketa zabala eskeini digute hedabideek. Estatu Espainiarraren laizitatea eta bereziki gobernuan dagoen alderdiaren oinarri ideologikoak kontuan hartuta, ironikoa da komunikabide publikoak izatea gertakariari denbora eta baliabide gehien eskeini diotenak.
Ulergarria da biztanleriaren zati handi bati interesa pizten dion gai bati buruzko informazioa ematea. Askoz harago joan da baina TVE, bisitaren momentu garrantzitsuenen minutuko jarraipena eskeiniz, programazioaren orduak eta orduak betez. Jarrera hau guztiz desegokia iruditu zaigu, arrazoi ugari direla eta. Alde batetik, erlijio ofizialik ez duen estatu baten menpeko kate batek, ez lioke eliza katolikoaren ordezkari nagusiari estatu buru bati bezalako tratamendua eman behar; erlijioa modu publikoan praktikatzearen apologia bezala ulertzeaz gain, kristautaunari beste erlijioei baino trataera hobea ematen baitzaio horrela. Bestalde, ekitaldiaren berezko interesa gainditu dutela esan daiteke. Izan ere, gizartean ez dirudi bisitak horrenbesteko eraginik izan duenik eta eskaintzak eskaria handitu duelako itxura eman du.
Hedabide orok bere edukien inguruan arduraz jokatu behar badu, publikoek askoz ere gehiago. Baina oraingoan ez da horrela izan.